XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Plazara iristerako musika hasia zen.

Sabaia kolore guztietako lore eta paperez zegoen apaindua: paperezko zintzilikario bat, lorezko zintzilikario bat.

Lore batzuek argia zuten barruan eta sabaiak ahuspez jarritako aterki bat zirudien, zintzilikarioen muturrak erdialdean baino gorago baitzeuden loturik.

Azpiko gonaren gerriko gomak, kateorratzak aurrera egin nahi ez zuelako pasatzeak hainbeste lan eman zidanak, botoi ttipi eta harizko xilderi batez loturik, estutu egiten ninduen.

Gerrian arrasto gorri bat nuen ordurako.

Noizean behin arnasa sakonki hartzen nuen, goma zabaltzearren, baina haizea ahotik atera ahala han nuen berriro gomaren martirioa.

Musikarien oholtzak luma-landareak zituen hesi moduan buelta osoan, eta luma landarea bera paperezko lorez zegoen apainduta eta alanbre mehez loturik.

Musikariak izerditan eta maukutsik zeuden.

Ama aspaldian nuen hila, beraz ezin niri lagundu eta aita beste batekin berrezkondua zegoen.

Aita beste batekin ezkondua eta nik zer nahi hura emateko bizi zen amarik gabe.

Eta aita ezkonduta eta ni gaztetxo eta bakarrik Diamantearen Enparantzan, kafeterak noiz zozketatuko zain, eta Julieta bere ahotsak musikari gaina har ziezaion oihuka: kontuz, ez hadi eseri, soinekoa ximurtuko dun eta!, eta begien aurrean bonbilak lorez apainduak eta lorezko xingolak irinez itsatsiak eta mundu guztia kontentu, eta horrela ilargian nengoela, ahots batek xuxurlaka:

- Dantza egingo al dinagu?

Ia oharkabean, ez nekiela erantzun nion eta beste alderantz jiratu nintzen.

Aurpegi batekin egin nuen topo, hain gertu zegoen non zer itxura zuen ezin nion ondo ikusi, baina mutil aurpegia zen.

Ez din axolarik, esan zidan, ni oso ona naun horretan eta erakutsiko dinat.